Historia

1935. urtean, Gasteizko lehenengo igerilekuaren inaugurazioarekin batera (maiatzak 12), Judizmendi Igeriketa Kluba martxan jarri zen. Deportivo Alavés eta Aurrera kluben ondoren, gure kluba Arabako kirol erakunde zaharrena da.

Ia sortu zenetik, Klubaren eginkizuna hauxe izan da: “Igeriketaren bidez pertsonak hezi, gure igerilari, entrenatzaile eta begiraleen adiskidetasuna, elkartasuna, hobetzeko grina pertsonala eta talde lana bultzatzuz”. Horregatik, kirolariaren giza balioei eta persona hezteko etengabeko prestakuntzari lehentasuna ematen zaie.

Kanpoko lehenengo igerilekua Judimendi auzoan zegoen, Olagibel eta Herrandarren kaleen artean, eta ondoren Estadioko estali gabeko igerilekuak jarraitu zion 1959. urtean. Geroago, 1963an, San Prudentzio kaleko igerileku estalia ireki zuten eta, 1976tik hona egungo igerilekua dugu, Estadio Fundazioaren instalazioetan dagoena, Cervantes ibilbidean.

Klubaren modalitate nagusia betidanik igeriketa izan bada ere, historian zehar bestelako kirol ekintzak garatu eta praktikan jarri ditu, hala nola, atletismoa, halterofilia, judoa, borroka librea eta grekoerromatarra, sorospena, waterpoloa eta triatlona.

Kirola dela eta, bere igerilariek garaipen asko lortu eta arrakasta mordo bat jaso dute Arabako, Euskal Herriko eta Nafarroako txapelketetan, baita estatuko txapelketetan ere. Eta ezin dugu ahaztu nazioarteko txapelketetan parte-hartzeren bat ere izan dugula.

Dena den, eta Klubaren helburuei begira, aipagarriena hauxe izan da: gizarte gasteiztarraren parte-hartzea eta murgiltzea.

  • 50.000 umek baino gehiagok igerian ikasi dute gure instalazioetan, gure monitoreei esker.

  • Hiri honetan egindako ekintza ugaritan lagundu izan dugu askotan, eta horietako batzuetan kolaboratzen jarraitzen dugu gaur egun, besteak beste, Gasteizko Maratoi erdian, Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioak antolatutako “Busti zaitez esklerosi.anizkoitzaren alde” ekintzan edo UNICEFek antolatutako “Igeriketa Solidarioan”.

Etorkizunean, Judizmendi Igeriketa Kluba osatzen dugun pertsonok egokitu nahi dugu gizarte honen beharretara eta eskarietara, gero eta elkarte konplexu eta askotarikoagoa dela kontuan hartuta eta aldez aurretik jarritako gure idealei eutsita.